Joan den larunbatean, Durangoko Landako gunean egindako ekitaldian, Piarres Lartzabalek sortu eta Mixel Labéguerieren ahotsa tarteko zela, sona handia izan zuen abestiaz gogoratu nintzen. 1963. urtean kaleratu zuen diskoan, Gazteri berria ageri zen. Kanta hori bilakatu zen askatasun gosez zebilen gazteriaren ikur eta habe. Hala berean, entzun nituen Joxanton Artze adiskidearen berbak, iturri zaharraren ur emari berriaz diharduena, sustraiak, berrikuntza eta indarberritzea txirikordatzen dituena... Eta, nola ez, Gabriel Aresti, 1963. urtean argitaraturiko obra monumentalean, aitaren etxea edo, nahi bada, arbasoen etxea defendatzeaz ari dena. Beharbada, hainbatek iraganeko kontuak direla uste izango du; nago, ordea, idazle horien eta gehiagoren partaidetza aztertuz gero, erresistentziatik haratago, burua jasotzeko eta erronka berriei eusteko deiadarra zegoela, etsitzeko, amore emateko, dagoenarekin konformatzeko baino etorkizuna irabazteko anbizioa barruratzen zela. Aldi hori ikuspegi politikotik, kulturaletik eta abarretik aztertzen badugu, ohartuko gara gaurko gizarte modernoaren zimentarriak bor-bor zegoen gizarte haren aldi hartan ezarri zirela.

Hamarkada gutxitan inoizko aurrerabiderik handiena lortu dugu, ez nekerik gabe, ez erresistentziak mugiarazi eta zailtasunak gainditu gabe. Alderdikeriak eta epe laburreko ikuspegiak bazter utzirik, orain arte lortutakoa aldeztu behar da, denbora laburrean ikaragarria egin eta lortu delako. Badakit ahalegin horretatik kanpo egon direnentzat, bai eta egiten saiatu izan garen guztia birrintzen eta gutxiesten saiatu direnentzat ere, dena dela gutxi, eskas... egindakoa onartzea, balioan jartzea hamarkadetako estrategiaren eskastasuna agerian uztea ekarriko lukeelako. Baina, aurrera ere begiratu behar da, egungo beharrak, bihar-etziko erronkak zerumugan izatea ezinbestekoa da, datorren aldi berrirako gure gizartea prestatzeko. Orain artekoan oina hartuz, bai! Aldi berean, eraberritze sakon bati ekiteko borondatearekin ere bai!

Gure herria txiki eta etorkizunean are txikiago bilakatuko den honetan; gizartea zahartzen, herritar berri gero eta gehiago etorri eta behar ditugun honetan; gure hizkuntzari eta kulturari geroa segurtatzeko ahaleginean; besteak beste, zerbitzuak indartzeko, ahulenak jagoteko zereginetan; aberastasuna birsortzeko ekonomiaren suspertzean eta abar ahaleginak biderkatu behar ditugu. Hari berriak sortu behar ditugu, hariak harilkatuz, josiz, gure gizartearen zentzu komunitarioa indartu behar dugu. Bakarka ezer gutxi garelako eta batera mugarik ez daukagulako. Elkarren babesean, arrimuan egin dezakegu gizarte bezala aurrera, inor atzean laga gabe, inor baztertu gabe.

Badakit egungo gizarte modernoetan identitatea gero eta lausoagoa dena, zentzu komunitarioa gero eta ahulagoa, norberaren interesak interes orokorren gainetik jartzen direna... Baina konformismoaren aurrean, inertziaren aitzinean zutitzen naiz, esperantzari ez diodalako bizkarra erakutsi nahi, sinesten dudalako munduko herrien eta hizkuntzen plazan bizitzeko, garatzeko eskubidea daukagula... eta aldi berean, munduko plaza horretan ere sustatu behar ditugula beste gizatalde batzuekiko harremanak, mundu hobea, gizatiarragoa eraikitzeko ahaleginetan. Sinesten dut auzolanean, denon ahalegina tarteko dela, norabide berean arraunean egiten duen traineruan, etengabe birsortzeko gauza den gizartean.

QOSHE - Indar eta arnas berria - Erramun Osa
menu_open
Columnists Actual . Favourites . Archive
We use cookies to provide some features and experiences in QOSHE

More information  .  Close
Aa Aa Aa
- A +

Indar eta arnas berria

7 0
01.02.2024

Joan den larunbatean, Durangoko Landako gunean egindako ekitaldian, Piarres Lartzabalek sortu eta Mixel Labéguerieren ahotsa tarteko zela, sona handia izan zuen abestiaz gogoratu nintzen. 1963. urtean kaleratu zuen diskoan, Gazteri berria ageri zen. Kanta hori bilakatu zen askatasun gosez zebilen gazteriaren ikur eta habe. Hala berean, entzun nituen Joxanton Artze adiskidearen berbak, iturri zaharraren ur emari berriaz diharduena, sustraiak, berrikuntza eta indarberritzea txirikordatzen dituena... Eta, nola ez, Gabriel Aresti, 1963. urtean argitaraturiko obra monumentalean, aitaren etxea edo, nahi bada, arbasoen etxea defendatzeaz ari dena. Beharbada, hainbatek iraganeko kontuak direla uste izango du; nago, ordea, idazle horien eta gehiagoren partaidetza aztertuz gero, erresistentziatik haratago, burua jasotzeko eta erronka berriei........

© Deia


Get it on Google Play