Korrontearen kontra igeri egin hondoa ukitzen ez duzun tokian. Alferrik omen da. Beti entzun izan dut, itsasoan igeri egiten zaudela halako egoera batean aurkituz gero, hobe dela gehiegizko ahaleginik ez egitea korrontearen kontra, zaila baita naturaren indarren aurka egitea. Hobe dela korrontearen aginduetara gelditzea, leku seguruago batera eramango zaituen itxaropenez. Batzuetan, bizitzako egoera zail, larri baten aurrean gaudenean, gure energia guztiak xahutzen ditugu haren aurka igeri egiten, hari aurre egiten. Gure senak agintzen digu. Eta zaila da kontrakoa egitea, baina, agian, batzuetan hobe da erresistentzia handiegirik jarri gabe, zeure burua abandonatzea, inertziek eraman zaitzatela uztea, behin hondora iritsita, handik indarrez hasteko berriz, beste norabide bat hartzen hasteko, zerotik. Nolabaiteko bakea ere senti dezakegu erortzen uzten garen bitartean. Eta hau, hondoraino erortzen uztearena, aldi berean gogor baina askatzaile izan daitekeena pertsona batentzat, literalki jarri dute praktikan zenbait erakundek, baina batere konstruktiboak ez diren helburuekin. Hala, hondoraino heldu nahi du, hala ematen du behintzat, legea buztinezkoa balitz bezala erabiltzen duen epaile batek, bere helburu politikoen aginduetara dauden interpretazioak egiten, Puigdemonten amnistiaren kasuan gertatzen ari den bezala; edo gizon bat nitrogenoz itotzeko agintzen duen gobernadore bat, Alabaman ikusi dugun bezala; edo komunitate bateko presidente bat, Madrilekoa, Israelek 25.000 pertsona, tartean ume asko eta asko, hiltzeko duen eskubidea defendatuz... Ukitu dute hondoa jada? Agian ez dut ezer ulertzen, baina iruditzen zait korrontearen aginduetara geratzeko aholku horri kasu egitea erabaki dutela hauek guztiek. Ez du ematen, baina, haien helburua denik behin hondoa jota mundu justuago baten eraikuntzan hastekoa. Daramaten norabidearekin, helburua hondoa jotzea besterik ez dela esango nuke.

QOSHE - Korrontea - Karmele Jaio
menu_open
Columnists Actual . Favourites . Archive
We use cookies to provide some features and experiences in QOSHE

More information  .  Close
Aa Aa Aa
- A +

Korrontea

4 1
27.01.2024

Korrontearen kontra igeri egin hondoa ukitzen ez duzun tokian. Alferrik omen da. Beti entzun izan dut, itsasoan igeri egiten zaudela halako egoera batean aurkituz gero, hobe dela gehiegizko ahaleginik ez egitea korrontearen kontra, zaila baita naturaren indarren aurka egitea. Hobe dela korrontearen aginduetara gelditzea, leku seguruago batera eramango zaituen itxaropenez. Batzuetan, bizitzako egoera zail, larri baten aurrean gaudenean, gure energia guztiak xahutzen ditugu........

© Deia


Get it on Google Play